GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Eider Rodriguez

ARGIA | Ni-aren moda

Emakumezko edo gizonezko sentitu al daiteke inor?

Euskaldun edo espainol sentitu al daiteke inor?

(...) Demagun, emakume sentitzen dela gizon jaiotako bat, emakume sentitzen dela emakume askok sekula egin ez dituzten arren emakumezkoei dagozkien gauzak egin eta sentitu nahi dituelako: frantses estiloko manikura hamabost egunetik behin, gizon iletsu bat maitatu, azken belaunaldiko lisagailua erosi. Horren aurrean, bi jarrera hartu ditzake: bata, gizon jaio den arren, gizontasunaren kanonari aurre egin eta sentitzen dituenak aurrera eraman; bestea, natura tronpatu egin zela barneratu eta aldarrikatu, eta zakila mozteko adina sos aurreztu bitartean, oilasko batek baino hormona gehiago irentsi.

Eta nazioa ez, ez da ukigarria, ez da usaingarria, ez da neurgarria. Baina elektroiak ere ez, eta hala ere, zientziak, elektroien benetakotasunean sinetsi zuen aurrera egin ahal izateko -ez dut oroitzen nori irakurri diodan-. Euskalduntasuna edota espainoltasuna, ez dago apendizeen baitan. Nazio bateko edo besteko kide izan edo sentitu, norberaren testuinguru eta bizipenei dago lotuta, eta berariazkoa da. Euskaldun, espainol, bietarik eta bat ere ez sentitzen direnak ezagutzen ditugu. Baita ere, euskaldun sentitzetik espainol sentitzera pasa diren transak, eta alderantziz.

Orain, modan dago androgino izatea -estetikan behintzat, hortik kanpo, gizonezkoek gizonezkoen soldatak eta emakumezkoek emakumezkoenak jasotzen baitituzte; androginia gorabehera, gizonezkoak dira emakumezkoak erailtzen dituztenak-.

Orain, modan dago naziogabe izatea. Baina oraindik eta modanago dago antinazionalista izatea. Orain, postmodernitatearen opari pozoindu bat gehiago, modan dago ni-ismoa. Eta modak, horixe dauka: modan jarri arte itsusi, lotsagarri, ezkutagarri zena, modaren babesean, eder, publikoki aldarrikagarri eta erakusgarri bilakatzen da. Modako.

Eta moda guztiak bezala, bob erako ile mozkeratik Zarako zapi palestinar koloretsuetara, ni-aren moda, sistemaren mesederako sortua izan da, behinola jainkoak bizi ziren lekutik bidalia.

(...) Orain urte batzuk bufoien papera betetzen genuen behintzat: erregearen lepotik txisteak egin eta kontrabotere bat sortzeko zirrikitu bat zabaltzen zuen idazle jendeak.

Baina orain, ez ote gara triste xamar gertatzen, bufoiarena beharrean, azkazala apurtu zaion erreginaren papera bete nahian?

Ez ote da interesgarriagoa ni-aren konkista nobeletarako uztea?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo